|
Iragan
da azken trena. Estazioa,
etxalde arraildu bat da, kriseilu
ahul baten argitan. Eta
aulki bi ere badaude, erdi ilunetan. Mutil
bat dago eserita, aulkietarik batean. Oroitzapenen
amaraunak bere aurpegia argitu du: ile
laburra, sudur luzea, begirada sakona. Dena
baino zaharragoa ematen du, misterioaz elikatzen direnak arinago zimeltzen baitira.
Estazioa, kristala
hautsirik eta orratzak geldirik dituen
horma-erlojuaren begiradapean, ikasgela
bihurtu da.
Mutilak
klariona du atzamar artean, ikasleei
labirintoaren irteera batuta
zuri harez erakusten die. Dena
baino zaharragoa ematen du, oroitzapenak
ere zahartzen baiti Baina
ez. Ez da egia. Aulkian
ez dago mutilik, ez inor. Irudimena
da guztia. Bai,
han hurbil, beste aulkian eserita dagoen
mutilak asmatu du.
Irudimen
berberaz, koadro
bat pintatzen hasi da. Estazioko
horman, kriseiluaren
argia ailegatzen ez den iluntasun mugagabean, estazio
bat pintatu du olio
zaharraren usainez, hiriko
bazter auzo baten bazterrean, zeinera
gatazkarik gabe abailtzen den gaua, bere
amets arriskutsuekin. Begiak
itxita, pinturaren
usain freskoa nabaritu du eta
ziztu hurrun bat ere bai, gerturatuz
datorrena. Begiak
ireki eta tren bat iristen ikusi du, koadroan. Jarlekutik
altxatu eta koadrorantz abiatu da. Trena
bere zain dago, ufaka. Koadroaren
bestaldera iragan eta
azken bagoian sartu da. Ziztu
luzea eginez, abiatu egin da gero
eta arinago, gero eta hurrunago, guztiz
desagertu arte. Baina
ez. Ez da egia. ez
dago koadrorik, ez
jarlekuan mutilik. Irudimena
da guztia. Imaginazioak
sortu eta biziarazi du, irudiak
ezerezaz moldatuaz, eta
aulki horretan ipini. Kristalik
eta orratzik gabeko erloju handiak, kriseilu
hari meheen argitan, geltoki
bakartian, benetako
trena imaginatu du, benetako
estaziora ailegatzen, ifar
aldeko lurraldeetatik, abandonoaren
orduetatik, benetako
mutila ekartzen. |
|
|