|
TELEBISTA ZAHARRA
Onintzari
Oraindik gogoratzen dut telebista etxera ekarri zuten eguna. Nik
artean zortzi urte nituen. Kartoizko kutxa batetik atera zuten, eta zinez
diotsut distira egiten zuela! Bai, egongela piztu egin zen argirik izetu
barik, tramankulu hark eguzki txiki bat zirudien, eta inguruko guztia
gardentasun magikoz jantzi zen. Aitak botoia sakatu eta imajina agertu
zenean, geurean beste ume bat jaiotzea bezalakoa izan zen. Beste bat
familian.
Lehen egun hartatik zenbat ordu ez nuen ba eman pantailaren
aurrean! Zuri-beltzean eta katea bakarrekoa izan arren, ametsik gozoenen
zaporea utzi zidan, aspaldiko oroitzapenen antzera. Hari begiratuz ikusi
nuen gizakia ilargia zapaltzen, hari begira urte bat hil eta beste bat
jaiotzen, eta beste bat, eta beste bat. Gure aitaita zenak ezin leike
izan zioskun, kutxa txiki hartan pertsonak bizi zitezkeela ez zuen
sinesten. Baina, zerarren, dotore-dotore jantzita jartzen zen pantailaren
aurrean, barrukoek ikusten gintuztelakoan, eta buenas tardes esaten
zutenean, aitaitak Dios se las dé erantzuten zien.
Zergatik kontatzen didazu hori guztiori, galdetuko didazu.
Egon, egon zaitez apur baten. Oraindik beste zeozer aipatu behar dizut.
Gure telebista zahartu egin zen. Matxuratu egiten zenean, gizonkote
bat etortzen zen, metalezko kutxa handi batekin. Zer dauka?,
galdetzen zion aitari, gaixotasuna asmatzekotan. Bai, gizon erraldoi hura
telebistaren medikua zen, eta medikuei eduki ohi zaien errespetua genion.
Amak, konponketa amaitutakoan, ardo goxoa eskaintzen zion, kristalezko
kopa baten, berak eginiko gailetekin batera. Doroteo deitzen zen. Oraindik
gogoratzen dut lau pisuak igotzen, metalezko kutxa handiarekin,
arnasestuka. Bera zetorrenean, Errege Magoak ikustea bezalako zirrara
sentitzen nuen, zinez. Eta egun baten, egun ilun eta triste baten, badakizu
Doroteo hil dela? esan zidan amak, eta gogoratzen dut nire logelara jo
nuela lasterka, nire unibertso pribatu hartan negarrez urtzera, atea
danbateko batez itxita.
Handik urte batzuetara telebista, zaharraren zaharrez, hil egin
zen. No tiene arreglo, esan zigun tekniko berriak. Baina hura ez
zen Doroteo bezalakoa. Doroteok, Afrikako aztien antzera, botere magikoak
zituen, eta seguru nago edozein matxura konpontzeko gauza zela. Tekniko
berriak, ostera, ezezagunak ziren, kapitaletik etorriak, eta inoiz ez
zuten euren izena esaten. Eta egingo nuke beti aldrebeskeriaren bat egiten
zutela, telebista handik gutxira berriro matxura zedin. Ez, niri ez
zitzaizkidan batere gustatzen sasimediku haiek.
Telebista zaharra ganbarara erretiratu genuen egunean, nire
umezaroa amaitu egin zen. Telebista berria
-koloretakoa, katea askoduna-
anonimoa zen, ez zuen distirarik egiten. Ez zuen enkantorik. Nire
aitaita urte batzuk arinago hila zen, eta denok genekien telebista barruko
izakiak, benetakoak izan arren, itsuak zirela, ez gintuztela ikusten. Ez
behintzat telebista berri hartakoek.
Hara, hori guztiori ondo dago, baina joan zaitez harira, zein da
gutun honen funtsa?, itaunduko didazu, eta arrazoi pittin bat baduzu,
baina egon, egon zaitez apur baten. Egutegietan ere, egunak banan-banan
kendu behar izaten dira eta.
Gero eta gutxiagotan egoten nintzen telebistaren aurrean. Gaztaroa
aro eroa da, eta egongelako besaulkian baino nahiago izaten da lagunekin
kalerik kale ibili, zalapartaka. Horrela pasatu zitzaizkidan hurrengo
urteak, ama haserre, gero eta beranduago iristen nintzela eta, askotan
gehiegi edanda, zigarroen erredurak alkondaran... Baina egun baten,
biharamun itzela nuen igande baten, telebista izetu eta, bat-batean, gela
argitu egin zen, aspaldiko moduan. Han aurrean orkestra bat nekusan, eta
orkestraren barruan, argi berezia sortuz, neska eder bat, biola jotzen.
Ederra esan behar dut? Ez, askoz ere gehiago: printzesa bat zen, lilura
guztien sortzailea. Segundo batzuk baino ez nituen behar izan erabat
maitemintzeko.
Hurrengo egunak zoratu beharrean eman nituen, orkestra hura berriro
noiz agertuko. Aste oso bat pasatu ondoren, han nengoen besaulkian
jarrita, adi-adi, kontzertua entzuteko prest. Mundua mila puskatan jausi
zitzaidan ostera, ez bainuen nire Printzesa ikusi. Non zegoen? Zergatik ez
zen agertu? Hainbat igande behar izan nituen gehiago ez nuela ikusiko
konturatzeko. Ez, nire Printzesa desagertua zen, airean deusezten den
xaboi burbuilaren antzera.
Handik aurrera ernegua uxatu ezinik ibili nintzen. Nire barnean
beste izaki bat puzten ari ote zen, izaki maltzur berria? Umezaroko
zoriontasuna irla galdu eta desegina zen harez gero? Zer ari zitzaidan
gertatzen?
Galdera asko eta sakonak dira horiek, esango didazu, zuzen
esan ere. Baina lasai, korapilo guztientzat bada askabidea. Eta gainera ez
dizut gehiago itxaroteko esango, berehala jakingo duzu gutun honen
zergatia, ene maitea.
Batzuetan txoriburua ematen duzu, entzun nuen gau baten
ahots bat, ohean nengoela, auskalo lotan edo itzarrik ametsetan. Ahots
ezaguna zen. Goxoa. Doroteorena! Bai, txoriburu samarra, jarraitu
zuen. Batzuetan, gizakien bizitzetan, holako mezu sekretuak heltzen
zaizkigu, zein ibilbide aukeratu behar dugun ohartarazten digutenak. Bai,
zure Printzesa hori benetakoa da, baina ez mundu honetakoa. Benetan
diotsut, ikusi nahi baduzu ez da koloretako pantaila horretan agertuko, ez
horixe.
Sekula sentitu gabeko bake sentsazioa inguratu zitzaidan ahots hura
entzuten ari nintzela. Xuxurla pausatua zen, kandela txiki baten lamaren
modukoa. Bai, umezaroko zorion galdua berreskuratu behar nuen. Nire
MAITASUNA telebista zaharrean ezkutatzen zen!
Zeu zara, Printzesa hori, nire maitasun ezkutukoa! Zeuk eroan behar
nauzu nire benetako mundura, nire aitaita eta Doroteorenera!
Bai, ganbarara igo nintzen arineketan, eta han, iluntasunean,
telebista zaharraren argi distiratsuak laztandu ninduen. Belauniko geratu
nintzen pantailaren aurre-aurrean, orkestraren musika liluragarriak
harrapatuta. Eta zeu ere hantxe zeunden, inoiz baino ederragoa! Uste dut
begiratu egin zenidala, zatoz! esanaz bezala. Bai, aitaita zaharrak
arrazoia zuen, telebista zahar hartako jende txikiak gu ikusi ahal
gintuen...
Gauero bueltatu naiz ganbarara, baina gaur gauean desberdina izango
da. Gutun hau idazten ari natzaizu, nire maitasun ezkutukoa, baina benetan
besteentzat da, koloretako mundu hotz eta faltsuan bizi direnentzat,
izenik gabeko teknikoz eta zenbakiz gainezka dagoen mundu
zorionbakoarentzat. Jakin dezatela gure maitasuna beste mundu bati
dagokiola, eta laster elkartuko garela. Gutun hau maitasunaren testigantza
izango da, ene Printzesa.
Letra hauek idatzitakoan, Doroteok xuxurlatu zidan azken sekretuaz
baliatuko naiz: ganbarara igo eta telebista zaharreko irudian barneratuko
naiz, orkestra jotzen ari den areto horretara, zugana ene Printzesa
kutuna! Ai, laster baten zure ile luze gorraila laztandu ahal izango dut,
eta zure bibolinaren ahotsak ehun urtez liluratuko nau!
Nire atzean, berriz, telebista zaharra betiko amatatuko da.
Bernardo
Kapanaga
|