|
ZURE BEGIEK EZ DUTE LENTILLEN BEHARRIK
Giputza zen jaiotzez baina Euskal
Herriko edozein herritakoa izan zitekeen, Plaentzikoa edo Plentzikoa,
iruindarra edo irundarra, Asparrengoa edo Hazparnekoa… berari, ordea, Barakaldokoa
naiz eta nago paro obrero esatea gustatzen zitzaion. Bakoitzak
bere plana zioen atsotitz harek, bost axola niri jatorria, bizibidea, gurasoak…
Bere adina, esatebaterako, auzokoaren
sagarrak hazten ikusiz denbora ematen duen edozeini galdetzea besterik ez
nuen, eta hala ere, seguru, okerreko informazioa emango zidala, zeren arrasto
gisa nire lagunek esan zidaten ilea urdintzen, hortzak tabakoz horitzen eta
barrabilak pisua hartzen hasiak zituela. Eta nik, zimurretara, hogeita bost
urte jaurtitzen nizkion soilik. Iazko San Ferminetan ezagutu nuen Ander, San
Nikolas kalean. -
Nor haiz hi nire neskari ipurdia ukitzeko? Emanen diat ostia bat
Zarrakasteluraino joango haizela hegan. - Ze Zarrakastelu ta ze ostia ! Hire neskak tanpoia
gaizki jarrita zeramak…aluan egokitzen saiatu nauk…besterik
ez…eta atzamar honekin egin diat ( Anderrek erpurua erakutsi zion bera baino
hogei zentimetro altuago zen nafar astopotro hari) Eta erpurua erakutsi bezain laster Mirandaolako mailua zirudien ukabil batek Anderren aurpegian jo zuen eta atzerantz metro bi egin eta gero ahozpez erori zen lurrera. Ikuskizun tamalgarria hango hura. Nahiz eta, neurri baten, ekintza haiek marimutila nintzeneko garaiak ekarri gogora, ukabilkadak, ostikadak,…hilerokoarekin joan zitzaizkidanekoak hain zuzen ere. -
Goazen, azkar ! Ez zaigu sagar ustel hori komeni… Handik
aldegiteko esan zigun Mirenek, tipo hura Ander Solagaistua zela, Zumarragako
Olabegoiko baserrikoa, aita zirroziak jota hil zitzaiola eta harrez gero amak
ere laket zuela txupatzea eta oraindik okerragoa zena: zorrak kitatu ezinik
zebiltzala. Mirenek erdeinuzko begirada bota zion eta Saioak ezikusiarena egin
zuen. Baina
ni… ni lelotuta bezala geratu nintzen Anderren aurpegi odolduari begira eta
berak…berak irribar eginez erantzun zidan, eta odola musturretik ahora
erortzen zitzaion eta Bilboko Athleticen
kamiseta mamurtzen ari zela zirudien, zein ondo lerrotuta zituen haginak !.
Aitortzen dut irribarre magikoa
zuela, mago batek sonbrerutik uso zuriaren ordez Anderren horzdura etara
zezakeela alegia.Eta zer esanik ez dago irribarre haren gatibu geratu
nintzela. San
Ferminetan geunden alabaina, eta jende artean galtzerik nahi ez banuen,
lagunei jarraiki behar nintzaien ezinbestez, tabernaz taberna, kalimotxoz
kalimotxo. Alkoholari lotutako patua ote zen gurea ? Zer gertatuko zitzaion
Anderri ? Alperriko galderak ziren, une hartan Saioa zen taldearen
protagonista. Goizeko
laurak edo izango ziren Saioa futbol jokalariarekin enrroilatu zenean, mutil
atseginaren antza zuen, altua, guapoa…baina gominak ilea koipeztatzen zion
eta halako hantustea eta apaltasunaren arteko faltsukeria somatu nion .
Mirenek berak berretsiko zidan, beharbada, Saioarekiko bekaitza disimulatu
ezinik. -
Honek e...farlopaz mukururaino
dagoen juppya ematen du. Gezurtia
eta gezurteroa! Futbolariarekin
utzi genuen Saioa eta Miren eta biok manimano
geratu ginen, biak lehertu samar, biak kalean gora eta behera, jitoan. Orduan
indarrak berreskuratzeko lotalditxo bat egitea proposatu nion Mireni eta
belardi galduaren bila abaiatu ginen eta belarrik ez zuen Gazteluko plazan
etzan ginela uste dut. Ordubete
inguruko lo sakona egin ondoren sujetadorearen barruko aldera sartzeko inurri
baten ahaleginek iratzarri ninduten. Baina Miren ez zegoen nire alboan,
komunera joateko premia izan zuela, bizkarra astinduz adierazi zidala, baietz
esan niola, komunetik bueltan desagertua nintzela , eta sinesgaitzak ziren
beste hamaika -(e)la ere. Eta
egunak, itsasgorak isolatzen duen bisitari inozoa lez, bakarrik utzi ninduen,
irlarena egiten zuen lur puska hartan. Esnatzearen
hotzikarei aurre egiteko gorputzak kafesne beroa eskatzen zidan, ideiak
ordenatuko nituen eta gero lagunen bila lehenbaitlehen hasi. Baina gaupasero
kuadrila batek Osasuna kafetegiko
giro lasaia hautsi zuen. Dena hankaz gora jarri zuten. Oskorriren
Ene maite Kattalin kantaren
doinupean kosako iaioena ematen zuen parrandazaleak, mahai gainera igo eta
bere dantza bihurria dedikatu zidan. Beste batek ene begi urdinek disdira
hilgarria zutela eta, betaurreko
ilun batzuk oparitu zizkidan. Eta hirugarren batek, medikua zelakoan,
kafesnearen ostean kalimotxo osasungarria hartzera behartu ninduen katxia
ahora eramenez. Esanik ez dago primeran moldatu nintzela ganberrro haiekin. Eta
elkar eskua emanda, giza katea osatuz, kalera irten ginen: “somos del jo-pitxu-jo, no nos metemos kon nadie, y si alguien se moskea… nos
kagamos en su madre…”. Azken hitz haiekin batera Nafarroako eguzkiak
buruan astindu ninduen, zeren, Ama Birjinak bezala, herri bakoitzak bere
eguzki propioa dauka, nahiz eta gero, eguzki bera izan denontzat. Erlojuari
begiratu nion, berotasun hura nik uste nuen orduari egokitzen ez zitzaiola
somatu bainuen bat-batean. Eta horrela izan zen, mekaguen zotz !. Goizeko
hamaika eta erdiak ziren eta ni hamarretan kotxean egon behar nuen, Iruñeko
harresiaren ondoko aparkalekuan. Kosakoa
balaunikatu egin zen,
arren, ez aldegiteko, nire izena bularrean tatuatuko zuela eta telebistatik
600 kiloko zezen baten adarren aurrean bera ikusteaz damutuko nintzela.
Ordainez bekokian musu bat eman eta itxumustuan arineketa lotsati bati ekin
nion kalean gora. Harresietara iritsi eta , agi denez, han ez zegoen lagunen
inolako arrastorik, ez eta kotxerik ere. Orduan, buruak, neukanaren eta ez
neukanaren azterketa oharkabea egin zidan eta eskua berez joan zitzaidan
patriketara. Mekaguen zotz ! Nire ondasunak ez ziren euro gogaikarri batera
iristen, bost txanpoi, guztira 156 pzta. eta atzamar potoloa etxera
itzultzeko. Kotxeak ez nituen zenbatu, ez dakit zenbat pasatuko ziren nire
ondotik opel korsa zuri baten galga hotsak burua birarazi zidan arte. Bolantean
Ander Solagaistua zihoan, ordurako “kotoia bai kondoia ere bai” lemapeko
kamisetara eroritako odol tantakak sikatuta zituen. -
Zatoz, erdu hona ! (esan zidan). Hiru orduz egin dut lo eta kotxea hartu
aurretik igerilekuko dutxetatik pasatu naiz. Eraman zaitzaket…nahi baduzu
(gaineratu zuen nire duda aurpegia ikusita). -
Ez, ez , ez da horregatik…esto… galdu egin naiz Iruñean eta… -
Bai, noski, suposatzen dut, jende mordoa, kalimotxoak…(bere irribarre
tentagarria erakutsi zidan eta kotxean sartu nintzen pertsona helduen
patxadarekin). Martxan
jarri ginen. Anderrek etxeraino eramango ninduen, Zumarragara alegia, baina
Durangorako bidea hartuko zuen lehengusu bati bost minutuko bisita egiteko.
Azaldu nion udaldiak Ingalaterran egiten nituela eta
EEBBetan ere egona nintzela eta lotsagarria zela
19 urteko neskatila batek Euskal Herriko hainbat herrien berri ez
izatea. Bidaiatzeko prest nengoen beraz eta
Anderrek leku berriak ezagutzeko aukera emango zidan. -
Ikusten ditun energia eolikoa
ekoizten duten haizerrota horiek ? -
Barkatu (etendu nion), zukan egidazu mesedez, ikastolan ez genuen hitanoz
egiteko erreztasun nahikoa hartu…eta orain zukara ohitu gara. -
Nahi duzun bezala, niretzat ere errezagoa da ze kuadrilan denak mutilak izanik
neskei hikan hitzegiteko aukera handirik
ez daukagu eta aukera dagoenean konturatu gabe badakik,
etorri duk, ikusi diat…eta horrelakoak esaten
ditugu…bereizketarik egin gabe...Zer egingo diogu ? Baina, orain, arozoa
haizerrota erraldoi horiek dira. Ametsetan agertzen zaizkit. Ekaitzak gogor
ari du, eta beso metalikoak abiada bizian doaz, hain azkar ia ez direla
ikusten eta halako baten zutabetik
beso bat askatu eta larrean bazkatzen ari diren behiak txikitzen ditu laban
baten moduan, mozketa garbiak dira: lepoak, errapeak, hankak,
buztanak,…orduan unaia agertzen da, handik eta hemendik korrika , errotako
beso odolduarekin egiten du topo eta etsiturik eskuak burura eramaten ditu eta
orduan buelta erdi ematen du eta nigana begira jartzen da, baina unaiaren
aurpegia adar zorrotzak dituen zezenaren aurpegia
da eta nigana dator oldarkor eta itzartu egiten naiz izerditan blai. Ez
dakit amets gaiztoa ala gezur gaiztoa ote zen. Anderren kontakizunari
zintzotasuna zeriola ematen zuen, beraz nik ere, gauetan abisatu gabe,
aspalditik kaskora etortzen zaizkidan irudiak “kontatu” nizkion. -
Ba behin nire nebak bere kuadrilakoei esan zien nigana asmo lizunekin
datorrenari begiak aterako zizkiola, eta harrez gero amets gaizto ikaragarri
batek asaldatzen nau. Nire mutilak etxeko atea jotzen du eta atea zabaltzen
dudanean hara hor ikara: Kepa begizuloetatik odola dariola dator nigana… -
Baina zu ez zara ametsaren erruduna (moztu zidan Anderrek serio-serio). Arazoa
zure nebarengan dago, ez du Ediporen konplexua gainditu eta etsipen hori zugan
proiektatzen du. Badakizu Edipo, aita hil eta gero, amarekin ezkondu zela eta
egindako astakeriaz konturatu zenean bere buruari begiak kendu zizkiola... -
Bai, ipuin hori entzunda daukat nonbait. Gertatzen dena da nire mutila, Kepa,
itsua dela. Biak
ozenki eutsi genion berreari eta jarraian ozenkiago
“kamionero-fascista-hijodeputa” oihukatu zion keinukaria erabili ez zuen
kamioilari morrozko bati. Baina Ander ez zen estutu, hitzez asaskatuta,
elkarrizketarekin jarraitu zuen. -
Nabari da neska adimentsua zarena, eta horretan datza ligatzearen bigarren
araua. -
Ez dut ezer ulertzen, zertaz ari zara ? -
Bai neska, argi dago, arau bi egoki uztartzen jakinez gero ligatzea oso erreza
dela. Ligatu nahi duzun mutil edo neska horren egoa elikatzea da
inportanteena. Zure kasuan, zu konturatu gabe, begi urdin zoragarriak izateaz
aparte oso inteligentea zarela esatea. -
Bazilatzen ari zara, ezta ? Adimenaren testa pasatu dut , eta orain zer dator
? Zer du nire fisikoak azpimarragarri ? (Ander hirugarren arau bat martxan
jartzen ari zen: jakinminarena eta
zenbait gaztek dakienarenganako daukagun mira ere). -
Suposatzen dut aspalditik esango zizutela begi urdin politak dituzula, ba nik
kontatuko nizuke nire lagun batek, ligatzeko,
begi urdinak izan nahi zituela eta
modan dauden lentila merkeak erosi ondoren tabernako komunean pixegiten ari
zela ilundu zitzaizkiola eta prakak goitik behera busti zituela. Gero
"zure begiek ez dutela lentilen beharrik" esanez jarraituko nuke
eta… -
Benetan argia zarena Ander. Ateraldi bikainak dituzu, baina askotan neskoi
ligatzea ez zaigu horrenbeste interesatzen , mutilak zarete gai horrekin
itsuturik zaudetenak. Eta zuekin bat ez bagatoz “monjas reprimidas”
deitzen diguzue. -
Zer nahi duzu esatea, arrazoia duzula ? Nahi duzun arrazoi guztia eman
diezazuket. Dena den, begira…Elduaienetik pasatzen ari gara, Aitziberreko
Ama Birjina dago hor, nik ezingo nuke izen hori daraman neska batekin ligatu,
Aitziber, Gorane, Onintza…antzinako izenak gustatzen zaizkit niri, Euxebi,
Mari Joxe, Josefina… -
Ba orduan jai daukazu nirekin. (Haserretu egin nintzen). Oraindik nola deitzen
naizen ere ez didazu galdetu. Harroputz hori ! Ba Garbiñe deitzen naiz.
Entzuten, Gar-bi-ñe ! -
Barkatu Garbiñe, txantxetan ari nintzen. Abisatu pasatzen naizen bakoitzean,
askotan ez dut ondo kontrolatzen, ziria sartu eta sartu, eta alkoholarekin
nahastuta, amonala baino okerragoa naiz. -
Eta zer dela eta zirikatzailea izateko zaletasun hori ? -
Ez dakit, beharbada, genetikoa izango da… -
Bai, gogoratzen dut, filosofiako klaseetan, nola zen ? Genetikoa eta
ikasitakoaren artean aldea omen zegoen… ( Bazirudien elkarrizketa kutsu
serioa hartzen ari zela baina hara zer galdetu zidan Gasteizetik irtetzen ari
ginela Arakako kuartela eskumara ikustean) -
Eta zer iritzi duzu Espainiako banderari buruz, genetikoa ala kulturala da ?
Ezkertiarra ala eskubiarra ? -
Eta nik zer dakit…galdeiozu atea zaintzen ari den soldaduari ? Euskaldunoi
bandera horrek ez digu gauza onik ekarri, genetikoki kaltegarria dela esango
nuke. -
Ados nago, mekaguen el nacionalismo español ! Arriba España ! Viva Franco !
Ikusten dituzu kiroletan dabiltzan horiek, banderaren ordez komuneko papera
eramango nuke nik. -
Aitak esan zidan, bera soldadutzan, bandera zin egitera zihoala, musu bat eman
beharrean txistua bota ziola… -
Hori ez da ezer, nire kuadrilako batek, horren punteria ona zeukan ze
generalak “tiradores como usted necestia la patria” esan ziola… -
Eta ? -
Ba hori, ETAn sartu zela. Barre egitekoa omen da, baina betidanik kezkatu
nauen gaia izan da aberriarena. Suposatzen dut aberria tatuaia bezalakoa dela,
tatuaiaren bat daramanak esaten dizu tatuaiak deitu egin duela. Aberriak ere
gurasoen bidez, liburuen bidez edo telebistaren bidez deitu egiten zaitu…eta
larruan itsasten dela…uste dut. Mark Twainek zioen abertzaletasuna
doilorraren babeslekua dela, bera da oihu gehien egiten duena. -
Gero eta gutxiago ulertzen dut, kontraesanez eginda zaudela dirudi. Zertara
dator Mark Twain ? Amerikarrak…herri abertzaleagorik! -
Beroa da Garbi, beroa…Beroarekin kontraesanak areagotu egiten dira.
Hasieran, uste nuen, zure buruaz landa ezertan ez zenuela sinisten, gaur
egungo gazte berekoi horietako bat zinela. Baina galderak egiten ari zara.
Beroak ezkutuan duzun ezinegona piztu egiten dizu eta zure ideiekin
kontraesanetan jartzen ari zara. Eta
beroaren atxakiarekin Anderrek kotxea Legutioko pantanoaren ondoan aparkatu
zuen, arropak erantzi zituen eta uretan murgildu zen. Nik zapatak kendu eta
oinak errefreskatu nituen. Halako baten uraren azpitik irten zitzaidan, hura
sustua ! Biluzik zegoen. Mitxelintxoak zituen eta ipurdi majoa, eta beso
giartsuak, eta beso baten zer eta tatuaia bat: euskal telebistako logoa,
txoritxoa hiru koloretan. Orterada horren nondik norakoak galdetzeko gogoekin
geratu nintzen baina eskuan karramarro erraldoi bat zeraman, otarrain baten
tamainakoa, kristoren kurrikekin. Belarraren gainean utzi zuen. -
Bartolo izena jarriko diot, zer deritzozu ? Arreta galtzen duzuneko atzamar
bat moztu diezazuke. Beno…atzamarra larregi da, baina nire kuadrilako bati
halako batek fimosia egin zion. Hartzazu, zuri ez dizu minik egingo. -
Ezta pentsatu ere ! Zu, tio, zoratuta zaude ! Jakin liteke zertara dedikatzen
zaren ? Ez zinen psikiatrikotik eskapatuko ? Kentzazu katxarro hori nire
bistatik ! Anderrek
nik eskatu bezala karramarroa pantanora itzuli zuen, belartzan eseri eta
begiak itxi ondoren burua eguzkira zuzendu zuen. -
Lasai neska, egia kontatuko dizut, pixka bat izorratuta nabil, duela gutxi da
neskalagunarekin moztu dudala. Elkarrekin bost urte egon ondoren, harremana
pikutara joan da. Eta errudunik balego, neu naiz errudun bakarrra. Baina, ze
ostia ! Ez naiz damutzen. (Anderrek burua makurtu zuen eta mexikar kantu bati
ekin zion xamurki: "los besos que me diste mi amor son los que me están
matando, ya mis lágrimas se están secando…) Galdetu didazu ea zertara
dedikatzen naizen, ezta ?. Ba ematen du gaztea naizela baina dagoeneko
sudurreko ileak atzamarrekin ateratzen ditut…Iurretako profesionalean
euskara irakasten dudan bitartean. Fanatiko fonetikoa naiz, zoratzeraino
atsegin ditut Barkoxeko üak,
Areatzako jotak, Baigorriko h
aspiratuak eta Berastegiko txistukariak. Eta aste barruan horren gogor
saiatzen naiz ikasgai hauek irakasten ze asteburuetan etsipenak konortea
galtzerainoko mozkorrak hartzera narama, ze gaurko ikasleek ez daukazue
ni-puta-idea ezertaz…Orduan nire buruari esaten diot, bale, tio, bale,
lasai, beste nolabaiteko ezagutza izango dute, ez txarragoa ez hobea,
desberdina. -
Ba hori…diferenteak izan behar dugu, gure nortasun berezia onartu
behar duzue, esatebaterako, niri botanika gustatzen zait, loreak,
zuhaitzak…baina zer axola du Gernikako arbola haritza ala pinua dela
jakiteak ? -
Eta pagoa…zer iritzi duzu pagoei buruz ? Arbola zoragarria pagoa, eta
urkia ? Urkiaren azala laztantzea emakumearen larrua laztantzea bezala da. Ander
eta biok luzaro aritu ginen arbolez. Gure herriko zumarrak, bekosurako
artearen egur erregaitza, haginaren fruitu pozointsuak, gorostiaren osto
distirantak, haritzaren ezkurrak eta elur urteak, izeiaren erretxinaren usain
goxoa, gereziondoaren lore ikusgarriak, mizpirondotik ateratako makilak,
errekaldeko lizarrak eta Astigarrako astigarrek ez dutela sagardorik
ematen…eta horrela arbolaz arbola, tximinoak lez, heldu ginen Urkiolara. Han
meteorito bati bira eman ondoren harrizko estarta batetik abiatu ginen
Santutxuko bazelizaraino. Pago pertxentez inguraturik dago Santutxuko bazeliza
eta hormari atxekita iturri bat dago eta iturriari ur sendagarria dario, ez
dakit zehatz zertarako, giltzurrunak ? gibela ?. Ni hango pagoekin nengoen
sorgortuta, giartsuak kanpotik, mardulak barrutik, denak zoragarriak. Jauzi
bat egin eta besoekin pago baten adar luzeenari heldu nion, burua zerura
begira arratsaldea agurtzen hasi nintzen nire gorputzaren kulunkarekin, orduan
gerritik heltzen zizkidaten beso batzuk sentitu nituen. -
Ez zara eroriko, ezta ? (Anderren xuxurluari susera zerion) Atseginez hartu nuen bere mingaina nire ahoan,
eta adarretatik besoak askatu gabe lamizkatu zituen nire galtzarbeak, titiak,
txirrina, izterrak eta Santutxuko bigarren iturria zirudien nire alua ere.
Konturatu orduko Anderren zakilak hotzikarez astintzen zizkidan gorputzaren
atal guztiak. Mekaguen zotz ! Berehala ateratzeko agindu nion, kamisetaren
leloari kasu egiteko eta kondoia
jar zezala. Baina Anderrek hasperen eginez "Berandu da gelditzeko"
esan eta zapaburuz beteta utzi zidan alu barrenak. Puta semea ! Birritan egin
nion txistu aurpegira, ukabilkadak, ostikadak eta nekizkien irain eta birao
guztiak bota nizkion. Ander txikitu nahi nuen, baina koldarren moduan hasi zen
korrika, buztana hankatartean. Prakak jartzeko ahaleginetan birritan erori zen
lurrera, babua ! Harri baten gainean jarri eta nigarrez hasi
nintzen buruari hamaika galdera egiten nizkiola. Zergatik egiten zidan putada
hori ? Kuadrilakoei kontatzeko agian ? Zer nahi zidan demostratu ? Zergatik ni
eta ez Miren edo beste edozein ? Urkiolako taberna batera heldu nintzenerako
gauak bazituen, artizarraren agindupean , izar banaka batzuk arratsaldearen
bizkarrean jarrita eta nik banituen oraindik muztio bat hartzeko haina diru
eta honek etxera itzultzeko bideaz ahapeka galdetzeko aukera eman zidan.
Berriro Gasteizerako bidea hartu beharko nuen eta pantanoa igaro, Bergarako
bidetik abiatu eta handik Zumarragara. Hasiera batean etxera deitzea pentsatu
nuen, nire bila etor zitezen zeren Anderrekin egindako bide beretik bueltatzea
gogorra egingo zitzaidan, oroitzapen jazo berriak, bere usaina…baina
heldutasun punttu bat zor nion nire buruari, gauak lagunduko ninduen, ikusten
ez duten begiek ez omen dute sentitzen eta. Bergarako bidea korbatadun txerpolari moderno batekin egin nuen. Galiziatik
zetorren eta emaztearen eta alabaren argazkiak zeramatzan kotxeko
hautsontziaren ondoan. Alaba nire adinekoa zelakoan hamaika galdera egin
zizkidan, nondik nentorren, nora nihoan, zergatik nengoen han…nazkantea zen
tipoa eta hasiera baten etxeraino eramango ninduela esan bazuen Bergarako
lehen semaforo gorrian geratzeko eskatu nion, izeko Kontxi etorriko zitzaidala
bila. Beti entzun izan dut txerpolari bidailariak kamioilariekin batera
putazale amorratuenak direla eta bere zaletasunaren adierazgarri gisa aldean
zeraman ileordea ikustea besterik ez zegoen. Galiziako putetxe batetik irteten
imajinatzen nuen, argazkiekin solasean. - Ez dut berriro egingo bihotza…baina hain
da ahula haragia…Zutaz gogoratzen naiz María Luisa, gehiago maite zaitudala
uste dut… Beragaratik Zumarragara emakume gazte batekin
joan nintzen. Iruneko alardeari buruz hitzegin genuen, lotsagarria zela han
gertatzen zena, gizonezkoen mundu honetan zeregin ugari daukagula, etsaiak
nonahi direla, emakumeen artean ere. Ez ditugula
azalpen psikoanalitikoak onartu behar, kastrazioaren konplexuak eta
horrelakoak eta Melania Kleinen teoriak azaldu zizkidan eta teoria haiek
eztabaidatzen egin genuen Zumarragarako bidea, eta ia konturatu gabe etxean
geunden. Hamabiak bueltan ate joka nengoen, gurasoak haserre, nola ez,
baina ondo atondutako gezur handi batekin baretu nituen. Telefonoa
hartu eta Miren deitu nuen. Gurasoei kontatutako ipuinean
bere papera zein zen azaldu nion eta odi bat lurrazpian sartzen den
bezala izaren azpian sartu nintzen loak hartu arte. Biharamonean, hurrengo egunean abortatzeko pirula erostea deliberatu nuen.
Autobusa hartu eta Azpeitiako
botika batera joan nintzen zeren
herriko botikarietako bat gure lehengusua baita, legala eta nahi duzun guztia
baina handik bost minutura auzune guztiak daki zertan ari zaren. Azpeitian
botikariak medikuaren errezeta behar nuela esan zidan, bere kontrolpean egin
beharreko zeregina zela. Hala ere berak lagunduko ninduen: Melania Kleinek. Azpeitiko taberna baten kafesnea eskatu eta
pirulak hartu nituen. Bitartean egunkariari errepaso bat eman nion.
Azken orduko albiste batekin geratu nintzen. Kotxe
istripu larria Urkiolan. Bart Urkiolako mendatea jaisten ari zen kotxea
galga barik geratu eta Karobi izeneko bihurgunetik irten zen. J.L.A., Eibarko
gaztea, hilik atera zuten burni artetik… Urkiola irakurri eta Santutxuko
bazelizan izandakoak etorri zitzaizkidan gogora, orrialdez aldatu nuen
berehala. Eta hara hor, argazkia eta eskela, bai bera zen, Juan Luis
Arrizabalaga, 34 urtekoa, Eibarko semea. Urak dakarrena urak daroa. Zure
kuadrilakoak. Niretzat Ander Solagaistua, Zumarragako Olabegoiko baserrikoa.
Goian bego han balego.
LODINOWSKY
|
|
|