|
AVELINO BURUTXURTUREN PATULOGIAK
-Bai, doktore, aitortzen dut, ez naiz heterosexuala. Baina ez niri begiratu horrela, berori ez da arduratu behar, ez diot atzekitakuko. Izan ere, horixe da benetan harrigarria: homosexuala ere ez naiz. Doktorea sinestu-ez sinestu gelditu zen, zeharka haren izena historial klinikoan begiratzen zuen bitartean. -Ez zaitut ondo ulertzen, Burutxurtu jauna. Hobeto azalduko didazu? -Bai ba! Ni zera naiz, zerosexuala. -Eta noiztik, jakiterik badago? -Ba, nire gurasoek ospitalera eraman nindutenetik fimosia egitera, zeren eta... -Zeren eta? lagundu nahi izan zion doktoreak, baina Avelino Burutxurtuk kontsultategiko atean zituen begiak iltzaturik. Norbaitek, kanpotik, ate-joka ziharduen. -Urgentziaren bat, agian? galdetu zion, artega. -Ez, ez zaitez larritu. Sistole Diastole da, orduro takikardia bat izaten duela dioen bezero konpultsiboa. Sendatuta dagoela esango banio, atoan hilko litzateke. Ikusiko duzu zelan utziko dion atean jotzeari. Halaxe gertatu zen: doktoreak mahai gaineko botoi bat sakatu eta bezero konpultsiboak, deskarga elektrikoaren eraginez, heavy taldeetako kantarien gisako orroa ikaragarria bota zuen. Ondoren, lasterka nola urruntzen zen entzun zuten, ehun metro libreko abiaduran. -Tira, jarraitu ahal duzu zure kontakizunarekin, Burutxurtu jauna. -Ba, lehen esan dudan legez, fimosi-ebakuntza ez zen arrakastatsua izan, ez horixe. Zera esan nahi dut, larregi moztu zutela, eta behar ez zena josi. Azken baten, itzartu nintzenean, lotsaririk gabe nengoen, eta euren lekuan ping-pongeko pala bat ez nuen ba ikusi! -Eta gorabeheratxo horrek arazorik eragin dizu? -Ba, txiza egin ahal izateko beste ebakuntza bat egin behar izan zidaten, puxikatik zileraino tutu bat jartzeko. Baina orduan ere kale egin zuten zirujauek. Nahi badu berorrek, erakustaldi bat egingo diot. -Aurrera, Burutxurtu jauna, hartu txizontzia. Avelinok, trebetasun handiz, txizontzia goraino bete zuen bere ditiburuak sakatuz, batean eskumakoa, bestean ezkerrekoa. -Zorionez adierazi zuen, harrotasunez gainezka-, hiru aste iraun ditzaket ditiburuak igurtzi gabe, zeren eta ebakuntzan puxika kendu eta beraren lekuan Eskoziako gaita bat jarri zidaten. -Ederto ba. Oker guztiek badute euren alde ona. Gainera, zera nabil irakurtzen zure historialean, mahai teniseko munduko txapelduna zarela. -Bai ba! Narrutan ez dut egingo, baina nire pelbis kolpeak txinatar guztiak barregarri uzten ditu... -Baina, ikusten dudanez, nigana etorri zara zure ezintasun sexualak arazo psikologikoak eragiten ari zaizkizulako. Zehaztuko didazu zer nolako arazoak diren? -Atsegin handiz, doktore jauna. Sexurik ez dudanez, emakumeek ez dute batere eraginik nigan. Horrek, berorrek ondo dakienez, alde onak baino ez ditu: lehenengo eta behin, denbora piloa daukat beste zeregin batzuetarako, izan ere, nire sexukide ohiek ez bezala, ez daukat ezelango beharrik burua apurtzen eta trikimailuak asmatzen ibiltzeko, andrazkoak ohera eraman ahal izateko. Esaterako, ez daukat zertan gimnasiora joan, giharrak potolotzera, eta gauetan ez dut pub eta diskoteketara irten behar, tximinokeriak egitera. Eztul baten esanda: gizonezkoek sexuan pentsetan, sexua bilatzen eta sexua praktiketan ematen duten denbora guztia, nik kultura eta adimena garatzen zertzen dut. -Baina, Burutxurtu jauna, nik ez dut ezelango arazorik antzematen! -Ezetz? Utzi mesedez amaitzen, eta orduan juzkatuko du berorrek. Makina bat karrera egin ditut unibertsitatean, hainbat hizkuntza dakidaz (Arratiako orroa arkaikoa barne), aditua naiz gai askotan, kasurako euri azidoak pinu-beldarrean duen eraginean, edo Vietnameko musika folklorikoaren eraginez geneak aldarazitako muskuiluak hazteari buruzko teorian, edo zelakantoek autore surrealistengan duten eragin telepatikoan, edo egungo medikuntzan uzkijartailuen erabileraren gainbeheraren analisiaren azterketan, edo... Doktorea, horrenbesteko berbajarioren eraginez, urduri samartuta zegoen. -Mesedez, joan zaitez harira, Burutxurtu jauna. -Ba, hainbeste jakituria pilatzearen ondorioz, kontua da nire burmuina puztu egin dela, halako moduan zer hiru asterik behin garun-hilekoa izaten dut. Oraintxe bertan, hain zuzen ere, muinen beherunzkoa izan behar dut, beraz berorren bulegoa goitik behera bedeinkatu beharko dut, beste erremediorik gabe. Halaxe gertatu zen. Bekainetaraino sartuta zuen txapela erantzi baino ez, belarri zuloetatik txorrostada bana irten zitzaizkion geyserren indarrarekin. Hala lurra, nola horma guztiak, burmuinez zipristinduta geratu ziren. Doktorea sutan zegoen. -Ez dadila berori asaldatu, doktore jauna. Eusko sukaldaritza berriaren apaiz nagusiek adierazi didatenez, nire garunen balio gastronomikoak ez du parerik. Nahi badu, hilero anoa bat bidaliko diot. -Zer ano eta ano ondoko! jaurti zion doktoreak, baina hain zegoen aztoratuta non ezin izan zuen ezer egin Avelinoren erretolika geldiarazteko. -Tira, doktore jauna, nire burmuinaren soberakinen arazoa konpontzeko, kirofanora eraman ninduten berriro ere, isuria sudurzuloetatik bideratzeko asmoz. Berorrek egiaztatu ahal izan duenez, ebakuntza ez zen egokia izan. Areago: hau ebaki-hori ebaki, zirujauak hain ederra nuen sudurra zast! kendu zidan bisturikada batez. Akats hori zuzentzeko badaki zer egin zidaten? Oraintxe erakutsiko diot, doktore jauna. Doktorea barre algaraka hasi zen Avelinok aurpegia estaltzen zion zapia kendu zuenean: begitartetik behera botafumeiro-bonsai bat zuen dingilizka, okotzeraino. -Eta hau guztiau fimosi madarikatu hargatik! Ez dezala berorrek pentsatu zerosexuala izateak lotsarazten nauela horratik. Kontrakoa: uste dut nire lagunek bekaitza didatela, izan ere nik ez daukat inolako konplexurik: bateko txoritxo mikroskopikoa dutela, besteko ez dela behar denean zutitzen, edo arinegi egiten duela doministiku... denagatik kexatzen dira. Ni, ostera, bakean bizi naiz. Labur esanda: gizon guztiek hankartean ping-pong pala izango bagenu, balegoke oraindik salbaziorik munduarentzat. Baina sudurrarena akabua izan da, berarekin batera nire bizio bakarra kendu didate eta, nire bizitzari zentzua ematen ziona. Doktoreak jakinminez begiratu zion Avelinori. -Esasidazu, Burutxurtu jauna, zein zen zaletasun hori? -Pilotatxoak egitea, jakina. Jakin dezala berorrek gorengo kalitatea zutela, eta kosmetika gaiak ekoizten dituzten enpresak atzetik izaten nituela, nire produktuen esklusibitatea lortzearren. -Ba, sudurra kentzeak horrelako buruko mina eragin badizu, zera proposatuko nizuke, sudur ortopediko bat jartzea. Ebakuntza erraza izango litzateke... -Utikan! haserretu zen Avelino- Ez nintzateke batere harrituko ebakuntzaren ostean begiak zabaldu eta eztarrian Coranaren edizio zaharren bat topatuko banu. Zirujau horiek ez didate gehiago buruko ile bat ere ikusiko, ez horixe! Halaxe zen, izan ere buruan ilearen lekuan munduko bola bat zuen txertatuta. Baina doktoreak ez zion galdetu bola hura nola iritsi zen haraino, larregitxo izango zen, eta gainera astirik ere ez zuen izango, Avelino kanporantz abiatu baitzen, astiro-astiro, bare erraldoi baten gainean, hanken ordez jarrita berau, gorputz adar horiek istripu izugarri batean galdu baitzituen, bidaia turistiko batean, Txernobilgo instalazio haiek bisitatzen ari zirela botoi hura sakatu zuenean. Kapez Kap |