5
aurkibidera joateko pusa irudian

EDITORIALA


Azken aldion, txotxolokeria ugari entzuten gabiltz euskal literatura dala eta ez dala. Zarraparra sustarbako erizten deutsagu, esaterako, belaunaldien kontu horreri: hi euskara batuaren katakonbetan jaio hintzen, beste hori pott egindakoa duk, halako ha lubakietako kumea... Xoxokeria galantak!

Guri etxaku belaunaldi kontzeptu hori gustetan: gurago dogu, zatiaz gurago be, belaunetik gorako guztia, endemas izterraldea txupatzea. Generazioa barik, geurea degenerazioa da. Gu geu, zeozer izatekotan, lo-bedar gaiztoa gara, erretzeko barik gehien jota zorabiatzeko balio dauena.

Beste ganorabakokeria bat Nobel sarirako euskal hautagaiak proposatzea da. Zein zakilurteni otu jako halakorik? Jakizue, maitiok, euskal idazle guztiok nork bere motoa saldu guran gabiltzan pizza-banatzaileak baino ez garala.

Kontua da batzuk motoaz ondo asfaltatutako errepideetatik ibiltzen dirala, baina guk oraindino burdibideetan galduta gagozalako susmoa daukagu. Pizza bero-beroa dogun arren, gure banaketa sistema desastre hutsa da. Emoten dau inork ez deuskula jaramonik be egiten, mamuak baino gitxiago garala. Dagoeneko bosgarren ale erektronikoa atara dogu, eta nork daki gure barri?

Ordua ailegatu da Nobeli dinamita apur bat ostuteko. Kartutxoaren danbatekoa bezalakorik ez dago danak guri begira jarteko. Nahikoa da azpitituluan ...Y SAVATER TE LA VAMOS A METER bezalako errazkeria bat jartea leherketa eragiteko. Bai, programa kutreetako bost minutuko ospea lortuko dogu, tertulistoek euren txistujarioaz bedeinkatuko gaitue. Eta dan-dana propagandan zentimorik gastatu gabe, fama lortzea debaldekoa da eta. Gero, hondoa jo ezkero beherago joaterik ez dagoenez, AVT elkartean sartuko gara. (Erran nahi baita, Adictos al Vino de Tetabrik).