|
EUSKAL LITERATURAREN MISTERIOAK IOANNES LEIZARRAGAREN ERABAKIA (carguärẽ hartzera bathiric ecin naidiqueen, eta guti falta cedin non ezpainendin choil guibelera) Euskal Herrian badira toki misteriotsuak baina bada bat guztietan bitxiena, bertan jainko txikiak bizi baitira: Izaro irla. Kontu hau jakinarazi ziguna Alfonso Irigoien izan zen, Aulestian zuen etxean. Beste zeregin batera joanak ginen: olerki bilduma bat prestatuta genuen, eta horietako bakoitza pertsona ezagun batek irakurri behar zuen. Grabaketa egiteko maneatzen ari ginen bitartean, honetaz eta hartaz berbetan genbiltzala, ahotsa xuxurla bihurtu eta zera esan zigun, gugana apur bat hurreratuta: - Izaro irlan badira jainko txikiak, Greziako jainko handien irudira eginak. Jakina, jainko horiek akatsez beteak dira, izan ere gizaki eta jainkoen arteko zerbait dira. Edozein modutan ere, Greziako kultura maite dugunok egunen batean hantxe elkartuko gara, geu ere, hildakoan, jainko txiki bihurtuko baikara. Izaroko irlako harriak bezain harri eginda gelditu ginen. Adarra jotzen ari zitzaigun, ala begietan zuen dirdira egiarena ote zen? Grabagailua arinago martxan jarri ez izana damutu zitzaigun, ondo damutu ere. Gero, munduko kontuetara etorrita bezala, gorputzeko tentsioa laxatu eta bere ohiko jarrera hartu zuen. Poema grabatu eta beste pasadizo batzuk kontatu ondoren, irribarrea ezpainetan agur egin zigun. Kalerantz gindoazela, “gure Fontso mundiala da” esan genion elkarri Xabik eta biok, barreari eutsi ezinik. Alfonsoren sekretua urteetan lo gelditu zen, eta horrela jarraituko zuen menderen mendetan ere, Txistu y Tamboliñeko ezohiko batzar baten lerro hauek idazten dabilenak mihia nasaitu ez balu. Ezohiko batzarra diot, benetan ez baitzen batzarra, parranda asmoa baino: Durangoko Liburu eta Disko Azoka zen, badakizue, txistukari frikariak behar bezala ahoskatzen dutenen inbasio egunak, eta txistukideok ez geunden etxeko ganbaran gelditzeko prest. Azoka ondoko txosnan garagardo bana hartuta, bagindoazen Goienkalera hirukote bitxi batekin topo egin genuenean: gure aldizkariko kide izanak ziren traduktore bi (nolabait izendatzeko, asma dezagun Luis Berrizbeitia eta Jesus Mari Arruabarrena izeneko bi zirela), eta Azokara lanera etorritako argitaletxe ospetsu bateko arduraduna (honi Javier Montextremo Bordeiglesia deituko diogu, apur bat disimulatzeko). Zazpiak bat, irlandar batera sartu ginen, eztarriak garagardoztatzera. Zurtuta gelditu ginen Montextremoren egarriaz: konturatu orduko hiru erronda aterata zituen, pinta erdiak dzangada batez edaten baitzituen! Zipristintzen hasita zegoen antza, aho barruko barea astintzeko zuen grina ikusita. Han hasi zitzaigun Txistu y Tamboliñeko azken zenbakiko ipuin eta olerkiak nork eginak ziren asmatzen. Baita den-denak igarri ere! Azti moduan etorkizun oparoa izango zuela sinestarazi nahi izan genion, baina berak gure aholkuetarako barik garagardorako zuen irrika, halako moldez non tarraz atera behar izan genuen kalera. Afaltzera joan ginen. Txokorren kearen artean goxo-goxo geundela, Xabik eta biok hurrengo aldizkarian idazteko gonbitea egin genien guztiei. Montextremok baietz esan zigun. Urrunago joan zen: biharamunean Liburu eta Disko Azokara joan eta bere argitaletxeko salmahai guztiak erreko zituela agindu zigun, bai eta bere burua panfletariotzat baino ez zuela hartuko ere. Ez genion patxaran gehiago edaten utzi. Horretan geundela, aldizkarian sortu berria genuen atalaz hasi nintzaien mintzatzen, hots, “Euskal Literaturaren Misterioak” izenekoaz. Etxepareren gartzelaldiaren arrazoiak argitu ondoren, Leizarragaren txanda zela. Ea zergatik deliberatu zuen Testamentu Berria itzultzea. Eta ea non bilatu ahal zen horretarako erantzuna. Fontso. Fontso etorri zitzaidan akordura. Eta Krutwig. Jainko txikiak. Akatsez beteak. Izaro irla. Den-dena kontatu nien. Lurrun etilikoen poderioz, onena Izaro irlara joatea izango zela erabaki genuen. Abenduaren 26rako gelditu ginen. Bariku eguzkitsu hartan zazpietatik lau baino ez geunden: Junba, Txetxus, Xabi eta honako hau. Junbak Antxorasen zuen kontaktu bati esker, txalupa bat lortu ahal izan genuen. Eguerdia zen irlara ailegatu ginenerako. Haizeak gogor astintzen zuen. Gorantz jo genuen, uhartearen tontorrerantz. Han goian ez zegoen ezer. Haizearen bolada zakarrak baino ez. Non arraio zeuden jainko txikiak? Kalatxori bihurtuak ote zeuden, gure buruen inguruan jira eta bira? Batek ere ez zuen Fontsoren aurpegia, ostera. Han ez zen Federicoren ahots tarrataria aditzen. Non zeuden Leizarragaren jarraitzaile sutsu haiek guztiak? Hainbeste bekatu egin zituzten, hildakoan jainko txikien graduaziora ez iristeko? Zerarren, uhartea goitik behera miatu genuen, baina zeren bila ari ginen? Hilarrien bila? Estatuen bila? Geuk ere ez genekien eta! Pare bat ordu alferrik ibili eta gero, txalupara bueltatu ginen, etsita. Etxerantzarakoan, ia ez genuen berba erdirik egin. Hurrengo egunetan, etxeko epeltasunean, hamaika buruhauste izan nituen korapilo hura askatzeko. Tematuta nengoen Leizarragarekiko lotura hantxe zegoela, irla hartan. Egun argiz joanda ezer topatu ez bagenuen, gauez joan behar. Gau berezi baten, gainera: abenduaren 31koan. Eta ez esku hutsik: laiak eramango genituen, Izaro osoa irauli behar bazen ere. Eta grabagailuak, jainko txikien ahotsak harrapatzeko. Lagunei azaldu nienean, zorotzat hartu ninduten. Tira, egia esateko, lehenago ere irizten zioten zulatua nire teilatuari. Hor konpon! Bakarrik joango nintzen! Junbaren kontaktuak lau aldiz gehiago kobratu zidan. Asmoa nuen gau osoa uhartean emateko, beraz biharamun goizerako hitzordua egin genuen. Txalupa urruntzen ikusten nuela, zirrara itzela sentitu nuen bizkarrezurrean, ez beldurrak eraginda, aurkikuntza handi baten atarian egoteak sortzen duena baino. Zeruan, hodei moltsoak haserre zetozen iparretik, Izaroko egoiliar arrotza uxatu guran edo. Ez nintzen kikildu. Banuen zer egin: ekarritako tramankulu guztiak uhartearen goialdera eraman behar nituen. Ohartzerako, gau zarratua zen. Gabonzarreko afari galanta nuen, horratik: ontzibete intxaur saltsa eta boteila bat txanpan. Eta gainerako, txokolatezko pastela. Txokolate mota bi, gainera: legala eta ilegala. Aurretik ere probatua nuen, eta gau hartarako ezinbesteko jakia zen. Afalondoan, tripakadaren eraginez, lozorroan gelditu nintzen, lozakuan sartuta, trena noiz etorriko. Bai, trena: horrela deitzen diot haxixaren eragina sentitzen hasteari. Jakina, horretarako digestioa egin behar. Berrogei minutuko kontua, alegia. Burrunba batek iratzarri ninduen. Oineztua ote? Kanoikada, agian? Zutundu eta, urrats batzuk eginda, argi moduko bat ikusi nuen irlako iparraldean, itsaso zabalari begira zegoen aldean. Grabagailua eta argazki makina hartuta, harantz jo nuen. Hegan bezala nindoan, edo hobeto esanda, ontzi deslai baten gisa. Olatuen kresala aurpegian, itsasora jausteko zorian harritzarren artean nenbilela, argitasuneraino ailegatu nintzen. Harri bat ote zegoen sutan? Ala harri arteko zuloren batetik ateratzen zen argia? Bertara hurreratuta, jausi eta leize estu batetik behera egin nuen. Halakorik ez genuen ikusi aurreko egunean. Oineztuak zabaldu ote zuen leize hura? Kopetargia amatatu egin nuen, han barruan argia itsugarria baitzen. Leizearen hondoan gela moduko bat zegoen, lur azpian eginiko hobiaren antzerakoa. Hutsik zegoen. Hutsik? Ez! Han, bazter batean, erdi ezkutuan, kutxa herdoildu bat zegoen. Bihotza bularrean taupadaka nuela, ate joka dabilenaren gisa, estalkia altxatu eta barrura begiratu nuen. Liburu batzuk zeuden, hautsez estaliak. Eta euren artean, ez nuen ba ikusi Leizarragaren Iesus Christ Gure Iaunnaren Testamentu Berriaren lehen edizioko, hots, 1571ko liburua! Belauniko jausi nintzen, malko artean, liburua eskuan hartuta. Bertan aurkituko ote nuen Leizarragak Testamentu Berria itzultzeko izan zuen benetako arrazoia? Beste liburu mardul bat hartu nuen ondoren. Joannes Etxeberri Sarakoak eginiko hiztegia zen! Larramendik erabili ei zuena! Zer egiten zuen han? Julio Urkixok Zarauzko komentu batean Etxeberri Sarakoaren bi lan argitaragabeak aurkitu zituenetik, euskal literaturan ez zen horrelako ezusterik gertatu! Eskuak dar-dar, beste liburu bat hartu nuen. Odolak bor-bor egin zidan izenburua irakurri nuenean: Elsoren Doctrina Christiana zen, 1561ean argitaratu omen zen liburua, hots, Leizarragarena baino aurreragokoa, eta hala ere alerik batere ezagutzen ez zena! Handiegia izan zen zirrara kutxaren azpiko papiro itxurako eskuizkribu batzuk hartu nituenean. Auskalo noizkoak ziren! Euskara zen bertan idatzia, euskara arkaikoa. Kutxa hura hizkuntzalarien altxorra zen: batek jakin euskararen jatorria argitzeko balioko zuen... Atzerantz jausi nintzen, ikararen ikaraz, konortea galduta. Ahots ozen batek iratzarri ninduen. Ahots ezaguna zen, baina ezin nuen aurpegi zehatz batekin lotu, han ez baitzegoen inor. Grabagailua piztu nuenean, berriz, gogoratu egin nuen Fontsoren etxean gertatua, zelan ahaztu zitzaigun Izaro irlari buruzkoak grabatzea, eta bai, orduantxe konturatu nintzen: ahots hura Alfonso Irigoienena zen. - Ceren bilha çabiltza? errepikatu zuen galdera. - Erantzun baten bila, maisu. Leizarragaren misterioa argitu nahi dut. Zera, zergatik hartu zuen Testamentu Berria itzultzeko erabakia. Benetako arrazoia jakin nahi dut. Isilune baten ostean, bi ahots desberdin aditu nituen, euren arteko solasean. Tira, solasa baino, hura hika-mika zen. Alfonsorenak baietz zioen, isilik gordetakoa haizatzeko tenorea zela. Beste ahotsa oso haserre zegoen, ni ez nintzela euren artekoa, eta ezer ez esateko. Bigarren ahots etenkatu hori, ahotsa baino, areago metrailadorea zirudiena, Federico Krutwigena baino ezin zen izan. Hirugarren batekin hitz egiten zutela iruditu zitzaidan, nahiz eta nik ez nuen besteren ahotsik aditu. Handik denbora batera, Alfonsok berba egin zidan berriro ere, sekretua kontatu egingo zidala esateko, baina baldintza batekin, handik irtenda munduari jakinarazi behar niola bertan entzundako guztia. - Grabagailua daukat, maisu, gure elkarrizketa betiko gordeta gera dadin- erantzun nion. Eta bota egin zidan, labankada zorrotza. - Prede∫tinationea da heu∫cararen damnationea. Argitara atera zuen mendetan gordetako sekretua: Ioannes Leizarragak Ioanna Albrete Nafarroako erreginaren agindua jaso zuen, Testamentu Berria euskaratzekoa, protestantismoa herri xeheari helarazteko xedearekin. Ez zen Leizarragarentzat nahikoa arrazoi, horratik. Ezetze emango zion, besterik ezean. Lan eskerga hark, zerbaitetarako balioko zuen? Aintzat hartuko zuen herriak? Euskaldunek kontuan edukiko zuten bere lengoage oraino u∫atu gabea? Beretzat hartuko zuen herriak Leizarragak proposatu nahi zuen euskara batua, Heuscal herriã qua∫i etche batetic bercera-ere minçatzeko manerán cer differentiá eta diuer∫itatea den ikusita? Zer zioen orakuluak horren gainean? Etorkizuna aztertzeko eskatu zion erreginari. Geroaren erantzunak hodei beltzak ekarri zizkion: ez zuen jarraitzailerik izango, eta bere lengoaia itsasoan galdutako batela besterik ez zen izango. Belaunaldi asko beharko ziren euskaldun guztiok euskara bat erabiltzeko, baina hura ere saio ustela izango zen. Ahots batzuk altxatuko ziren lengoaia berri haren aurka, eta Leizarragarena proposatuko zuten eredu gisa, baina euren ahalegina alferrik izango zen, eta jainko txiki akatsez bete haiek ere ahaztuta geldituko ziren, euren maisu nagusia legez. Azkenerako, euskara batu antzu hura, saio ustela ez ezik, euskararen damnationea izango zen, heriotza. - Orduan irequi ceçan ene adimendua -esan zidan Alfonsok, Leizarragak orakuluak zioena endelagatu zuenean esandakoa errepikatuz. Orakuluaren aurka egingo zuen Leizarragak. Testamentu Berria itzuliko zuen, euskararen salbamendua izan behar zuena; izan ere, lengoaia hura zen euskaldunen artean erein beharrekoa, ez besterik. - Eta orain, oha baquerekin, eta scribaitzac ençun ukan dituan gauçác Ez dakit nondik atera nuen leize estu hartatik igotzeko indarra. Kontua da kanpora irten eta ahal izan nuen moduan ailegatu nintzela irlaren goialdera, logurak eta unadurak erreta. Goizean goiz itzartu nintzenean zirimiria zen. Lozakutik irten eta lasterka joan nintzen leizearen bila. Ez nuen aurkitu. Guztia ametsa izan ote zen? Pastelaren eragina, agian? Zer dela eta nituen erropak lupetzaz zikinduta? Etsita, gauzak batu eta beherantz jo nuen, lehorrera eramango ninduen txalupa irlara hurbiltzen ari baitzen. Jabeak goitik behera begiratu zidan, mamua izango banintz bezala. Ez genuen berba erdirik ere egin bueltakoan. Hau ez da amaiera, hasiera baino: orain badakit Izaron jainko txikiak bizi direna, eta bertan jazo zitzaidana benetakoa izan zela. Badakit, argiz betetako gela hartan utzi bainuen ahaztuta nire argazki makina, baina batez ere grabazioagatik. Nire berbak bakarrik entzuten diren arren, horrexek frogatzen baitu hura ez zela ametsa izan.
Bernardo Kapanaga |