5
aurkibidera



editoriala



Lodinowsky
Poesia



Ludovicus Agrorum I
Poesia




Ludovicus Agrorum II
Poesia




Bernardo Kapanaga
Leizarraga



Teresa Igeregi
Hiru Haiku



Pello Mari Larios



Kapez Kap
Avelino Burutxurtu



Bernardo Kapanaga
Txiriboga



Kapez Kap
La metamorfosis


eta... gainera


Durangoko Txingoia



Ecclesiastes, 3, 1-8



Erran zuhur anixko



5
aurkibidera

TXIRIBOGA

Euria zen. Damutu egin zinen etxetik irtetean euritakoa hartu ez izanaz. Orain, lanetik irten berria, etxerantzakoan hezurretaraino busti beharko zinen, ordu erdiko bidea zenuen eta. Astebete zeneraman hiritzar hartan, erostetxe handian saltzaile lanpostuan hasi zinenetik, hain zuzen ere.

Euriarekin batera, malenkoniaren malko idorrak sentitu zenituen bihotzean, bakarrik baitzinen hiri arrotz hartan. Ostatu baten bizi zinen, baina ez zenuen gogoko: logela ziega iluna begitantzen zitzaizun, eta zein presori gustatzen zaio espetxera bueltatzea?

Jendetza izugarria zebilen atzera-aurrera. Ezezagunen bultzadek ia ez zizuten ibiltzen uzten. Areago: giza-korrontearen mende sentitu zenuen zeure burua, lurra ere ikutu barik baitzindoazen, noraezean.

Halako baten, gelditu eta katedraleko erlojuari begiratu zenion. Zortziak eta laurden. Eskuak jakako poltsikoetan sartu eta bideari ekin zenion. Ilun zegoen. Iluntasun likin hartan, dendetako argi keinukariak ibiltarien arreta lortzen saiatzen ziren, garro ikustezinak balituzte bezala.

Afrontuak zuhaitzak sustarretatik atera nahi zituela ematen zuen. Babes bila, txiriboga zahar batera jo zenuen. Atea irekitzean konturatu zinen edaritegi hura kanpotik zirudiena baino askoz ere handiagoa zela, ilunpetan galtzen baitzen puntu batetik aurrera. Edozein modutan ere, bere atzean ateak ixtean egin zuen zaratak horixe pentsarazi zizun, txiriboga hura amaibakoa zela.

Sentsazio estrainio hari beste bat gehitu zitzaion: bertan arnasten zen airea zaharra zen, edo okerrago oraindik: zaharmindurik zegoen. Altzariek, isilik egoteko zuten eragatik, aspaldikoak ziruditen, hiria bera baino zaharragoak. Sentsazio hori nabarmenagoa zen sabaitik eskegita zeuden tramankuluei begiratuz gero. Ez ziren ondo ikusten, sabaia ere erdi ilunpetan baitzegoen, baina bai, hantxe zeuden, auskalo zein asmo ezkuturekin paratuak. Pitxar zaharrak, tamaina askotako ezkilak, kandelak, upeltxoak, kriseiluak, lemak... eta hainbat animalia disekaturen buruak, zelatan, eraso egiteko gertu. Guzti-guztiak lizunez estaliak, gauza haiek guztiak mundu urperatu batetik ekarriak bailiran.

Oraindik atearen ondoan zeundela, denboraren beste dimentsio baten eraikitako txiriboga hartan zeudenei begiratu zenien, eta egonezina handitu egin zitzaizun: egurrezko mahaien inguruan jarrita, zeruko izarrak baino zaharrago ziruditen gizakiak ikusi zenituen, bizirik jarraitzeko toki itxi hartako aire pozoindua behar zuten izpiritu galduak. Begirada erratua zuten, leitua, eta euren mugimenduak hain ezdeusak ziren, hain motelak, non koadro bateko kreaturak ziruditen.

Txiriboga hartako atmosferak irrealtasunaren usaina zuen, ameskeriarena, antzina ateratako argazkiarena. Barrurantz joan zinen, astiro-astiro, lo-edo zeuden gizaki haiei enbarazurik ez egitearren, ez nago hemen esanez bezala, aire astun hura urratzeko beldurrez. Barrara ailegatuta, ozta-ozta atera zitzaizun ahotsa basobete ardo eskatzeko. Barraren atzealdeko gizona nagiro herrestatu zen, animalia primitibo baten antzera. Zerbitzatu zizunerako, hainbat urte iragan zirela begitandu zitzaizun. Dzangada batez hutsitu zenuen edalontzia, desgogara baitzeunden toki hartan. Sartu bezala joan zinen kalera, isilgordean, beharbada ez dira konturatu sartu naizela pentsatuaz.

Burua bueltaka zenuen, zurrunbiloan, txiriboga hark arima hurrupatu izan balizu legez. Itsu-itsuan jarraitu zenuen aurrera, hondamenditik ihesi doanaren antzera. Handik ordu laurdenera, senera-edo bueltatu zinenean, lasterka ikusi zenuen zeure burua, euriz eta izerdiz blai eginda, gauaren iluntasunean galdutako belauntzia bezala. Ingurura begiratu eta ez zenituen etxeak ezagutu. Galduta zeunden.

Hiriko beste auzo baten zeundela pentsatu zenuen. Zer ordu izango zen? Harrezkero ostatuan behar zenuen. Amorraturik zeunden. Atzerantz bueltatzea erabaki zenuen, kale ezagunen bat topatu arte. Hotzikaratan, ibiltzeari ekin zenion, gelako ohea gogoan. Baina desbideratutako untziak ez dira hain erraz lehorreratzen, untzi galduen patua betiko noraeza baita. Horrelaxe ikusi zenuen zeure burua denbora luzean ibili ondoren: hiritzarraren kanpoaldean. Ez zenuen ulertzen hirigunerantz abiatuta nola egon zintezkeen han, aldirian. Hain desorientatuta zeunden? Jira-biraka ibili ote zinen, oharkabean, auzo ezezagun haietan?

Edozein modutan ere, bazenuen erreferentzia argia: ezin zinen kanporago joan. Buelta egin eta zuzen-zuzenean atzera egitea zenuen, hiriaren erdirantz. Etsiduraren eta nekearen ondorioz, ibilkera pausatua zenuen, amore emana. Hala joanik, ideiak garbiago etorri zitzaizkizun buru nahastura. Bakarrik sentitu zinen hirian, baina ez lagunik ez zenuelako: hiria hutsik zegoelako begitazioa izan zenuen. Sentimendu horrek izua ekarri zizun, aurrera egin ahala horren aldeko frogak besterik ez baitzenituen ikusi: ez zebilen inor, ez pertsonarik, ez autorik. Ez zen argirik bat ere ikusten leihoetan. Hiri osoa lotan zegoen, bat-bateko glaziazio baten mende bezala.

Denbora luzean ibili ondoren, geratu egin zinen, pot eginda. Ez zen inoiz amaituko amesgaizto hura? Lur jota, irteerarik gabeko labirintoan ikusi zenuen zeure burua, kale ezezagunez eraikitako galmendi amaigabean. Non zegoen erostetxe handia? Eta ostatua? Eta katedrala? Minutuak aurrera joan ahala, burua nahastuago zenuen. Hiria animalia arrotza bihurtu zitzaizun, hondorik gabeko eldarnioa. Eta animalia anker horrek bere garroetan hartua zintuen, hara eta hona, jostailu baten antzera. Eta garro ikustezin horiek bultzatuta edo, txiriboga zahar hura ikusi zenuen zure aurrean. Orduan ulertu zenuen hara eraman zintuena patua baino ezin zela izan, patu bihozgabea. Ez zenuen beste irtenbiderik: bertara jo zenuen, munduan beste ezer ez balego legez.

Den-dena utzi zenuen moduan zegoen. Gizaki zahar haiek egokiera berean, betiko lizun sunda airean... Begiratzen zizutela sentitu zenuen, zure zain egon izan balira bezala. Norbaitek, zure atzealdean, inoiz ez du huts egiten, guztiak bueltatzen dira xuxurlatu zuen. Atzera begiratu barik, urrats geldoak eginez, etsidurak eragin ohi duen neke astuna aldean, tabernaren hondorantz abiatu zinen, ilunpe amaigabe haien baitara. Ondoren, leizez betetako zoramenean betiko murgildu aurretik, zera ikusi zenuen itzal artean, zure antzera bakartasun eta etsipenezko zulo beltz hark irentsitako izakien gorpuzkinak.




Bernardo Kapanaga